Archivo para AKITEKTURA

AKITEKTURA IRAGANKORRA

Posted in Uncategorized with tags , on enero 8, 2009 by garabat

Iragankor hitzak bizi laburra duen horri egiten dio erreferentzia, dituen beste adieren artean hara honakoa: egun bakarrez baino irauten ez duena. Desmuntagarria den eraikuntza oro, iragankorra da beraz. Era honetako eraikuntzak gerizpe izan ohi dira epe zehatz baterako eremu publikoetan kokatzen diren espazioentzat. Arkitektura modernoan eraikuntza modalitate hau industria iraultzaren garaian hasi zen erabiltzen Ingalaterran, Joseph Paxton arkitektoak zein beste hainbatek, aurrerakuntza teknologiko azpimarragarriak lortu zituzten. Frantzian ere, XIX. mendearen amaieran eraikuntza desmuntagarrien adibide esanguratsuak topa ditzakegu, haien artean Gustave Eiffelek egindakoak. XX. mendean pabiloi desmuntagarrien teknologiak aurrerakada nabariak bizi izan ditu, ehunduren eta are arinagoak diren egiturazko elementuen inguruko ikerkuntzari esker, hala nola tensegrity kontzeptuaren agerpena dela bitarteko. Garapen horren eragile esanguratsuenen artean Buckminster Fuller, domo geodesikoaren sortzailea, eta Frei Otto, olan bidezko egiturak garatu zituena ditugu aipagarri.

Nazioarteko azokak dira arkitektura iragankorreko ideiak maizen arakatuak izaten direneko gertakariak, batez ere, bertan eraikitzen diren pabiloien kopuru handia desmuntatua izaten delako euren jardunaren amaieran. Azoka-eraikinetan bide berriak urratu dituzte hainbat arkitektok, batez ere materialen birziklapen beharra dela eta, gaur egun bolo-bolo dabilena. Testuinguru horretan sortu zuen Shigeru Ban-ek Hanoverreko azokan japoniar pabiloia, osotasunean kartoiez egina. Azoka berean, Peter Zumthor-ek suitzar pabiloirako egurrez gorpuztutako proiektua egikaritu zuen, ondoren berrerabilia izan zena.

Eraikuntza teknika bat berria ez izateak ez du aditzera eman behar baliagarria ez denik. Sormena eta adimena denboraz gaindiko baloreak dira, eta sistemak erabiliak diren guztietan birsortzen dira, diseinatzaile berriak beti egingo baitu bere ekarpena.

Lorenzo Rocha